XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Xedapen Orokorrak.

Foru Legeak

12/1996 FORU LEGEA, uztailaren 2koa, Nafarroako Kooperatibei buruzkoa.

NAFARROAKO GOBERNUKO LEHENDAKARIORDEA NAIZEN HONEK

Aditzera ematen dut Nafarroako Parlamentuak honako hau onetsi duela

NAFARROAKO KOOPERATIBEI BURUZKO FORU LEGEA

ZIOEN ADIERAZPENA

Nafarroako Kooperatibei buruzko uztailaren 3ko 12/1989 Foru Legea, Nafarroako Foru Eraentza Birrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 13/1982 Foru Legearen 44.27 artikuluan xedatutakori esker Nafarroako Foru Komunitateari Kooperatiben arloan esleitu zaizkion eskumenak erabiliz emana, Nafarroako Erakunde Publikoen benetako ahalegina izan zen gure Komunitatean dagoen kooperatiben mugimenduaren alde.

Era berean, oso tresna eraginkorra izan zen mugimendu horrek aurretik planteatuak zituen bidezko helburuak bideratzeko.

Alabaina, bizitzen ari garen XX. mende bukaeran, zeinaren ezaugarri nagusiak aldaketa politiko, ekonomiko eta sozial azkarrak baitira, jazo diren hainbat gertaerak komenigarri egiten dute artikuluak berraztertzea, egoera berriari aurre egiteko beharrezkoak diren hobekuntza teknikoak sartu ahal izateko, egoera berri honek gainditu baitu, urte gutxitan, Nafarroako kooperatibei buruzko lehengo legearen erantzuteko gaitasuna.

Espainia Europako Batasunean sartu izanak, eragina izan du merkataritza sozietateen enpresa arloko esparru ekonomikoan.

Haien iharduerak parametro berrietara moldatu behar izan dituzte, arlo horri buruz Batasunak eman dituen jarraibideei egokitzearren, Batasuneko kide diren herri guztiek bete behar baitituzte jarraibide horiek, eta horren ondorioz etorri dira Sozietate Anonimoei buruzko Legearen Testu Bateginean eta Erantzukizun Mugatuko Sozietateei buruzko Legean egin berri diren aldaketak.

Kooperatiben Zuzenbidearen alor zehatzak ere jasan du horren eragina.

Autonomi Elkarteek arlo juridiko horri buruzko legegintza handitu dute, legezko testuetan egoera berriak ekarritako erronkei aurre egiteko beharrezkoak diren neurriak sartzeko asmoz.

Gure Foru Komunitatean ezin egoera bestelakoa izan, historian zehar kooperatiben tradizioa sendoa eta zabala izan baita.

Enpresa mota horretako adibide ugariak ditugu, guztion beharrari aurre egiteko kideen arteko elkartasunez beteak.

Horiek horrela, azken urteotan, Nafarroako kooperatiben mugimenduaren barnean aldarrikapen batzuk agertu dira, lege esparrua garai modernoei egokitzeko eskatzen dutenak, esparru hori askotan ez baitzen gai eguneroko lan esperientziaren bidez ikusten ziren arazoak konpontzeko.

Beronei erantzuna ematea da Foru Lege honen asmoa, arlo honetako esperientziak atzeman dituen hutsuneak gainditzeko Nafarroako Kooperatiben Kontseiluaren bidez, eta adostasunez, horrela ahalezkoa izan dadin enpresak, ikuspegi ekonomikotik begiraturik, gero eta lehiakorragoak izan daitezen,

ahaztu gabe, alabaina, elkarte kooperatiboen berezko hatsapen eta baloreak, Nazioarteko Kooperatiben Aliantza adorez eta errealismoz zaintzen ari dena.

Lehengo indarreko lege-erregimenean sartu diren lege-aldaketen edukia ikusirik, esan daiteke ondorengo hauek direla legearen lehentasunezko helburuak:

kideen autonomia hatsapenari men egitea, sozietate kooperatiboen estatutu juridikoa merkataritzari buruzko legeriari hurbiltzea, sozietate kooperatiboen kudeaketa-organoak bultzatzea, baita beren tresna finantzieroak hobetzea ere, eta are, azkenik, Nafarroako Kooperatiben Erregistroaren eginkizun eta eskumenak zabaltzea, administratuaren zerbitzurako izan dadin.

I. TITULUA

Kooperatibak oro har

I. KAPITULUA

Kooperatiben araubide orokorra

1. artikulua.

Aplikazio esparrua.

Honako Foru Lege hau aplikatuko da Nafarroako Foru Komunitateko lurraldearen esparruan beren ohiko jarduna duten kooperatibetan, hori guztia ezertan ukatu gabe hirugarrenekiko harremanak edota beren eginbeharrak lurralde horretatik kanpo egin ditzaketela.

2. artikulua.

Kontzeptua eta ezaugarriak.

Kooperatibak dira sozietateak, haien antolaketa eta funtzionamendua Nazioarteko Kooperatiben Elkarteak emaniko printzipioetan errotuak daudenak, Foru Lege honetan ezarritako hitzetan, eta amankomuneko enpresen araubidean edozein jarduera ekonomiko eta sozial egiten dutenak, beti ere bere kideen zerbitzura eta komunitatearen mesedetan.

3. artikulua.

Izena.

1. Sozietate kooperatibo guztien izenetan agertuko da nahitaez sozietate kooperatiboa edota laburbilduz, S. Koop..

2. Kooperatiba izena ez dezakete hartu beste entitateek, ezta sozietateek edota enpresek ere.

3. Kooperatiba batek ez dezake hartu jadanik eratua dagoen beste baten izen berbera edota harekin nahasgarria izan daitekeena.

4. artikulua.

Helbidea.

Foru Lege honi lotuak dauden kooperatibek Nafarroan beharko dute izan beren sozietatearen helbidea.